Elurra datorrenerako gertatzen hasi da Udala

Mirari Altube Arrese 2010ko aza. 25a, 13:55

Elur giroaren berri ematen duen eguraldi iragarpenak iritsi zaizkie astean Gatzagako udaletxera, eta elur hori iritsi aurretik gertaketa lanetan hastea erabaki dute. Hainbat kontutarako erabiltzen duten traktoreari elurra kentzeko pala jartzekotan dira eta zenbat gatz daukaten gordeta ere begiratuko dute.

Iragarpenek diote 600 metrora zentimetro pare bat egingo duela elurra gaur gauean (eguenetik egubakoitzera bitartean), eta Eusebio Villarrek argitu du kantitate horrekin ezin dutela erabili palarik: "Traktoreak duen palarekin elurra kendu ahal izateko gutxienez bost edo sei zentimetro behar dira; bestela bideak hondatu besterik ez du egiten". Herriko kaleak garbitzeko erabili ohi dute; baita baserrietara doazen bideak zabaltzeko ere: "Baserritarrek badakite noiz dagoen pala hori erabili beharra euren bideetan eta halakoetan deitu egiten digute". Eta gatza izotza urtzeko erabiltzen dute: "Batez ere baserri inguruetako izotzak arazorik ez sortzeko; kalean gutxiago erabiltzen dugu", dio Villarrek.

Datorren asterako, ostera, eguraldi okerragoaren berri eman dutela jakinarazi du: "Eguaztena, abenduak 1, iragarri dute egunik okerrena, baina zehaztasun gehiago oraindik ez dute bidali".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak