Ira-meta dotorea egin dute Gatzagan San Milixan ospakizunean

Euri giroari aurpegi ona erakutsita ospatu dute gatzagarrek gaur, hilak 14, San Milixan eguneko XVIII. feria. Debagoieneko bisitari asko hurreratu dira, nahiz eta gehiago espero antolatzaileek, eta giro polita topatu dute guztiek.

Santa Kolunba ermita inguruan pilatutako ira gurdian hartu eta pauso bizkorrarekin eroan dute idiek plazaraino; 600 kilo inguruko idiak Eibartik ekarritakoak. Gurdiko irarekin meta egiten hasi dira gero bost lagun: "Jakinez gero ez dauka zailtasunik, eta gu asko egindakoak gara", argitu zuten. Orain, baina, Gatzagan ez dago halako metarik. Ikusmin handia sortu dute baserritarren lanak eta ikusle asko elkartu dira pilotalekuko aterpean; baita argazkiak ateratzen ere.

Pilotalekuan berotan

Bien bitartean, pilotalekuan elkartutako 15 artisauen lanak ikusten eta erosten egon dira bisitariak: beirarekin , egurrarekin eta paperarekin egindako lanak, xaboi naturalak, pilotak… Eta Sorginak emakume elkarteko kideek egindako taloek ez dute hutsik egin beste behin. Aurten, gainera, inoiz baino gusturago egon dira guztiak; izan ere, pilotalekuaren berritze lanei esker dagoeneko itxita dago kristalezko hormarekin. Larruaren gaineko tailerrean, ostera, umeek jardun dute lanean gustura baino gusturago.

Gatz museora ere iritsi dira bisitariak eta Aitziber Gorosabel arduradunaren azalpenekin batera gatzartuaren gaineko erakusketa izan dute ikusteko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.