Zuzendaritza berrituta, hasi da Gurel aurtengo aisialdia antolatzen

Leire Kortabarria 2010ko urt. 22a, 11:09
Gatzagako gurasoen elkarteak, Gurelek, berritasunekin hasi du urtea; izan ere, joan den astelehenean egin zuen zuzendaritza berritzeko batzarra, eta urterako asmoak definitzen hasi ziren.

Hala, dagoeneko Aratuste jaiei begira ipini dira Gureleko kideak; joko batzuk antolatu gura dituzte, eta horiek zehazten hasteko berriz batuko dira datorren astelehenean. Bestalde, San Juan bezperarako ere zerbait antolatu gura dute aurten ere. Orain dela bi urte hasi ziren ekintza bereziak antolatzen: orduan, denok sorgin jantzi ziren. "Aurten ere horrelako zerbait egingo dugu", orain arte Gureleko idazkari izan den Aitziber Gorosabelen hitzetan.
Gorosabelek eta Nerea Marurik utzi egin diote zuzendaritzako kide izateari, eta Angel Gartzia eta Alberto Oñate sartu dira. Dorleta Elkorobarrutiak eta Bea Alvarezek jarraitu egiten dute.

Ekintza finkoak urtean zehar

Gurel elkarteak 20 bat familia batzen ditu. 14 urte arteko ume eta gaztetxoendako aisialdia antolatzeko jaio zen elkartea orain dela 14 urte: "Orduan, Udalak kudeatzen zuen ludoteka, baina beste zerbait egin gura genuen gurasook. Txatxilipurdi elkartearekin harremanetan ipini ginen eta eurek animatu gintuzten gu hastera aisialdia antolatzen", gogoratzen du Rosa Urreta Gureleko kide izandakoak. Esparrua zabaltzen joan da Gurel, eta ekintza asko antolatzen ditu: udazken eta neguko irteerak, udalekuak, Aratusteetako herri afaria, Gabonetako ekintzak… eta ludoteka erreferente bihurtu da umeendako. Udalekuak ere azpimarratzeko modukoak dira: "Luxuzko udalekuak dira; 20 umerekin bi begirale izaten dira, eta denek diote oso ondo antolatuta daudela", esaten du Rosa Urretak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak