Eusebio Villar alkateak iragarri zuen zerga gehienak KPI igoko dituztela, eta Gatzagan irailetik irailerako KPI hartzen dute kontuan igoerak aplikatzeko, hau da, %4,5. Hala, ondasun higiezinen gaineko zergak eta urak %4,5eko igoera izango dute. Zaborraren kasuan mankomunitateak aholkatutakoa beteko dute: orain %10eko igoera ezarriko diote, eta hemendik sei hilabetera %24raino igo.
Automobilen zergaren kasuan potentzia txikiena duten hiru kategoriei, hau da, ohikoei ez diote igoerarik aplikatuko eta potentzia handikoei –4x4 ibilgailuak, furgonetak…– %4,5. Iaz ere ez zuten ohiko autoen zergarik igo, Gatzagan derrigorrez behar dela automobila arrazoituta. Pilotalekua erabiltzearren ordaindu beharreko tasa dagoenetan uztea erabaki dute, eta 3 euro ordaindu beharko dituzte ordubete erabiltzearren. Hala ere, alkateak adierazi zuen argiaren kostua zenbatekoa den zehatz ezagutzea komeni dela eta horren arabera datorren urtean igotzea pentsa daitekeela. Udal tramiteak egitearren kobratzen diren tasek ere ez dute igoerarik izango, eta abereak mendian ibiltzeagatik kobratzen direnek ere ez. Azken horien gaineko erabakia abeltzainen elkarteak hartu behar du, baina sortu bitartean –abendu inguruan– Udalak ezarri du.
Garajeko tokien zozketa
Pilotaleku azpian dagoen Udalaren garajeko lekuen zozketa egin behar dela aurten iragarri zuen Villarrek. Lehenengo zein herritarrek gura duen galdeketa egingo dute, eta ondoren zozketatu. Gainera, garaje barruko tokien banaketa ez zegoen ondo eginda lehen, eta berria egin dute. 20 automobilendako lekua dago, baina bi toki ezin erabilita dituzte orain –patineteekin ibiltzeko Ua dagoelako gordeta–. Udalren asmoa da lehenbailehen kendu bertatik U horren zatiak, eta bi motorrendako eta bi quad-endako tokia egitea.
Garajeok bi urterako zozketatuko dituzte aurreko baldintza berberetan, eta gura izanez gero beste bi urte luzatu ahal izango dira. Garajearen tasak ere %4,5eko igoera izango du 2009an.
Kontratu haustura
Bestalde, gatz museoa eta Labidea denda kudeatzen dutenen eta Udalaren arteko kontratua apurtzea onartu zuten osoko bilkuran. Amaia Olabe eta Aitziber Gorosabelek 2003ko martxoan zabaldu zuten Labidea denda eta gatz museoaren ardura hartu. Orain ardura horiek uztea erabaki dute, eta orduan jarritako fidantza itzultzea onartu zuen udalbatzak. Eta Villarrek gaineratu zuen: "Atziberri beste hiru hilabetez jarraitzeko lanean eskatuko diogu". Gainera, gertu dago Udala 2007an hitzartutako 300 euroak ematen jarraitu eta galerak izanez gero beregain hartzeko. Gorosabelekin elkartzeko asmoa azaldu zuen alkateak, guztiaren berri eman eta adostasuna lortzeko. Behin hiru hilabeteok pasatutakoan zer egin denda eta museoarekin erabaki beharko dituztela gaineratu zuen.