Gurel guraso elkarteak batzarra egin zuen joan den eguenean, hilak 2, eta hainbat erabaki hartu zituzten elkartutako 15 gurasoen artean. Ludotekaren ordutegia 16:30etik 19:30era bitartean izango da eta azken orduan liburutegira joateko aukera izango dute (18:30-19:30) ume eta gazteek. Herritarren batek beste ordutegi baten joan gura izanez gero liburutegira, bertako begirale den Monika Arratibeli eskatu beharko dio baimena.
Hemendik aurrera 2 urteko umeak ere joan ahal izango dira ludotekara. Aho batez onartu zuten batzartutako gurasoek eta gaineratu zuten ume horien gurasoek erabaki beharko dutela laguntza behar duten edo ez ludotekan egoteko. Bestalde, erabaki zuten telebista eta musika entzuteko aparailua erostea. Hala, musikarekin girotuko dituzte arratsalde batzuk eta abestiak ikasteko aukera ere izango dute.
Urrian, paperarekin eskulanak
Ludotekara joateko izena emandako umeei urtean zehar egingo dituzten ekintzen egutegia banatuko diete Gureleko kideek. Hala, hilabete bakoitzean gai bat landuko dute: urrian, paperarekin eskulanak egingo dituzte; azaroan, erabilitako ontzi eta kaxekin lantxoak eginda birziklapenaren gainean kontzientzia hartzea izango dute helburu; eta abenduan, Gabonetako apaingarriak egingo dituzte. Horiez gain, jostailu asko daude ludotekan betiko jolasak egiteko eta liburutegian marrazkiak, eskolako lanak eta irakurketa saioak egingo dituzte, Ataungo Monika Arratibel lagun dutela.