Zabalduta gatz museoa kudeatzeko eskaintza

Mirari Altube Arrese 2009ko mar. 27a, 13:21
Otsailean argitaratu zuen Udalak gatz museoa, turismo bulegoa eta Labidea denda kudeatzeko lehiaketa deialdia. Eskaintza bakarra jaso du, gatzagar batek egindakoa, eta aurkeztutako agiri eta txostenak aztertzen dabiltza egunotan. Orain, 15 eguneko epea izango du eskaera egindakoak dokumentazio guztia aurkezteko, eta ondoren kudeatzeko ardura esleituko dio Udalak osoko bilkura baten.

Apirileko lehen astean elkartuko da udalbatza. Eusebio Villar alkateak pozik hartu du eskaintza: "Eskertzekoa da hartutako konpromisoa, herriak behar du-eta halako denda".

Bi urterako esleipena

Eugenio Otsoa gatz museoa 2000. urtean zabaldu zuen Udalak. 2002an lehiaketa bidez esleitu zuen museoaren, turismo bulegoaren eta dendaren ardura eta Aitziber Gorosabelek eta Amaia Olabek hartu zuten. 20 urterako eman zien, baina, sei urte egin eta gero, iazko udazkenean utzi egin zuten.

Udalak aldaketa bat egin du lehiaketa oinarrietan: 20 urterako beharrean bi urterako ematea ardura, beste bi urte luzatzeko aukerarekin. Betebehar batzuk izango ditu zerbitzuaren ardura hartzen duenak: hiru hilabetean behin, dendaren eta museoaren diru kontuen berri ematea Udalari; Euskal Herriko turismo bulegoekin elkarlanean jardutea; gatz museoko ekintzen txostena aurkeztea; eta beste batzuk.

Era berean, zerbitzua emateko behar dituen udal instalakuntza guztiak erabiltzeko eskubidea izango du, baita behar bezalako ordain ekonomikoa jasotzeko ere. Udalak ere baditu betebehar batzuk: uraren, argiaren eta zabor tasaren kargu egingo da; babesa emango dio; oreka ekonomikoa izaten lagunduko dio eta zerbitzuan aldaketaren bat egiteko eskatuz gero, ordaindu egingo dio.

Urtero ekarpen ekonomikoa

Azken bi urteotako jarduna aztertu du Udalak eta hainbat ondorio atera ditu; jakin du bi eratako bisitariak dituela museoak: eskoletatik datozen taldeak eta norbanakoak. Hala, lanegunetan ez dagoela zertan zabalik izan erabaki du, eskoletako taldeek aurrez egiten dutelako hitzordua. Zapatu, domeka eta jaiegunetan eta opor sasoian izango da zabalik.
Turismo bulegoa aste bukaera, jaiegun eta opor egunetan izango dute zabalik. Eta oinarrizko produktuak –ogia, esnea eta egunkariak– saltzen dituen denda egunero zabalduko dute. Gainera, iazko udazkenetik hona diru kontuei egindako azterketek ondorioztatu dute zerbitzuaren bideragarritasuna, jarraipena eta oreka ekonomikoa bermatzeko urtero ekarpen ekonomikoa egin beharko litzatekeela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak