Yelco Gomez panamarrak borobildu zuen Caja Ruralen lana Dorletako Ama sarian

Julen Iriondo 2009ko uzt. 5a, 23:51
Nafarrek gogotik egin zuten lan Kurtzetan behera euren ordezkaririk gabe sortu zen taldea harrapatu eta azken maldan kolpea jotzeko.

Caja Ruraleko txirrindulariek fin egin zuten lan, azken kilometroetan lasterketa eurei komeni zitzaien moduan edukitzeko. Ihesaldi ahalegin gehienetan sartu zituzten txirrindulariak, horrela izan ez zenean gogor egin zuten tira aurrekoak harrapatzeko, eta azken kilometroetan, lasterketa jokoan zegoenean, bi lagun sartu zituzten aurreko taldean.

Arrasatetik gora hasi zen guztia erabakitzen. Orduan sortu zen eguneko ihesaldi ona, lasterketa azken 17 kilometroetan zenean. Sei txirrindularik egin zuten aurrera: Caja Ruraleko Yelco Gomezek eta Ruben Garciak, Naturgaseko Jon Aberasturik, Belcako Aitor Ocamposek, Bidelaneko Gorka Olaizolak eta Lizarteko Josue Gonzalezek.

Primeran ulertu zuten elkar sei txirrindulariek. Egin beharrekoa argia zen: gogor eman aldapa hasi arte, lasterketa euren artean jokatu ahal izateko moduko diferentziarekin iristeko mendate oinera. Erreleboetan hutsik egin gabe aritu ziren seiak.
Marulandan gora Caja Ruralek zuen panorama onena: bi lagun zituen seiko taldean, eta argi zegoen zertara jokatuko zuten; aurrena erasoa batek, gero besteak. Baina ez zen beharrik izan. Lehenengo aldapan jo zuen erasoa Yelco Gomezek, eta inork ez zion jarraitu. Bera izan zen lehena helmugan, Jon Aberasturi bigarren eta Ruben Garcia hirugarren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak