Uztailean bukatuko dituzte azpiegitura lanak

Mirari Altube Arrese 2008ko uzt. 11a, 15:53
Aurrera doaz Gatzagako azpiegitura lanak, eta Udalak uste du hil honetan bertan bukatuko dituztela, behintzat lanik garrantzitsuenak. Garra enpresa, ostera, laster hasiko da bigarren fasean bizi diren herritarrei galdezka etxean gasa izan gura duten.

291.000 euroko aurrekontua duten lanak martxoan hasi zituen Arrasateko Aikia enpresak, eta sei hilabete aurreikusi bazituzten ere lanok egiteko, bukatzen dabiltza. Eusebio Villar alkateak uste du lanik garrantzitsuenak uztailean bertan bukatuko dituztela. Erritmo onean egin dute aurrera, baina arazoak izan dituzte langileek egin bitartean. Izan ere, aurtengo udaberria oso euritsua izan da –euri jasa zakarrekin–, eta horrek ezustekoak sortu ditu: "Bizilagun batzuek arazoak izan dituzte, ur arazoak gehienbat, eta garrantzitsuak izan dira, baina lanok egin beharrekoak direla ulertu dute, eta guztia konpondu da", argitu digu alkateak.


Udaletxe aurreko kalea zabalduta hasi zituzten lanok, San Migel plazan, eta ondoren Gasteizera doan errepide albotik jarraitu zuten. Txabola bat bota behar izan dute hor, baina ez dela arazorik izan esan digu alkateak: "Jabearekin akordiora ailegatu ginen, eta ez da desjabetzerik egin beharrik izan".

Hirigunea txukuntzen

Ur hodiak aldatu eta gasarenak sartzen ibili dira bigarren fase barruan sartutako kaleetan, hau da, Pilar kalean, frontoi inguruan eta Erronda pasealekuan. Gune horietako zangak egokitu dituzte, ez zutelako euri urak jasotzeko sistemarik. Gainera, ur beltzen saneamendua oso zaharra zen eta hondatuta zegoen. Eta horiekin batera, gasaren hodiak sartu dituzte, Repsolek banatzen duen gasa iritsi ahal izateko etxe guztietara.


Baina hodiak aldatu bakarrik ez, bigarren fasean sartutako kaleak txukundu egin dituzte. Hala, San Inazio kalean zegoen komun publikoa bota egin dute, eta haren ordez pasabidea egin. Kalea ez, baina karkaba izeneko pasabidea dago orain, eta errepideraino doa. Gainera, errepide inguruko pasealekua oso txukun eta dotore jartzen dabiltza. 


Abenduan herrira egin zuen bisitan Javier Madrazo sailburuak esan zuen hiriguneak oso garrantzitsuak direla herritarren bizi kalitatea bermatzeko, horregatik Udalekin elkarlana bultzatzen dutela hiriguneak eraberritzeko. Eta Jaurlaritzak dirulaguntza eman zuen lanok egiteko, 169.000 euro.

Hirugarren fasea

Hirugarren faseko lanak geratzen dira orain egiteko. Etxebizitza gutxi daude hor, baina egin beharreko lanak ez dira batere samurrak, eta izugarrizko kostua dute. Horregatik, alkateak uste du momentuz itxaron egin beharko dutela herritar horiek.
Bestalde, eskaintza egin zien baserritarrei Repsolek gasa jartzeko, baina inork ez zuen onartu gura izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak