Lapikoxuluetako iturburuak hornitzen zituen urez Gaztainuzketako sei txabola eta jatetxea autobideko lanen ondorioz iturburu hori sikatu zen arte. Udalak, orduan, Marotoko iturburua egokitu zuen, baina ez du behar beste ur ematen. Udako hilabeteotan, kamioi zisternekin ekarri behar izan dute ura eta Udala irtenbide baten bila dabil Udala.
"Lehenengo ideia deposito bat egitea zen, baina zertarako urik ez badago", azaldu du Eusebio Villar alkateak. "Beste aukera bat ura herriko ur-hornidura saretik Gaztainuzketara eramatea da. Azkenik, ondoko mendian beste iturburu bat lokalizatzea eta handik bideratzea. Denak baina oso garestiak dira".
Bi aukera horiek ditu uneotan Udalak mahai gainean. Kezka, baina, aurrekontua da. Alkateak dio Diputazioaren eskuartzea ezinbestekoa izango dela.
5,5 litro ur gutxiago minutuko
"Hilabete honetan egin dugu neurketa eta Marotok minutuko 6 litro ur ematen ditu. Aurreko iturburuak, 11,5 litro ematen zituen minutuko", azaldu du Villarek.
Marotoko iturburuko egokitze lanek 27.000 euroko aurrekontua izan zuten. Gastu hori bere gain hartu zuen autobideko lanak egiten diharduen enpresak. Oraindik ere, baina, Gaztainuzketan ur hornidura arazoak dituzte.