Ospakizuna umeendako ekintzekin hasiko dute. Sorginak emakume elkarteak tailerrak eta txokoak antolatu ditu ume eta gaztetxoek ondo pasatzeko (19:00). Eta ilunkaran (21:00), azken urteotan legez, sardinak eta saihetsak erreko dituzte hainbat herritarrek San Migel plazan. Giro bikaina sortuko da orduan herritarren artean, eta ospakizuna bukatzeko San Juan sua egingo dute plazan bertan (22:30).
Ohiturak galtzen
Jentilen ohiturek eta kristautasunak ezarritako otoitzek bat egiten dutela San Juan bezperan esaten dute adituek. Eta baserri inguruetan ondo errotuta egon dira oraintsu arte. Baina ohiturok galtzen doaz toki askotan, eta Gatzagan ere galdu da landare eta loreekin erramuak egin eta San Juan egunean bedeinkatzeko ohitura. Arantzarekin egindako gurutzeak ere bedeinkatu eta etxeko atean jartzen zituzten: "Lehen bai, baina azken urteotan galduta dago", jakinarazi digu Tere Aranburuzabala gatzagarrak. Hala ere, baserri askotan irak eta loreen petaloak botako dituzte etxeko atean gaitza uxa dezan eta uzta onak izan ditzaten.
Sua baserrietan
Herrian, San Migel plazan egingo duten sua ez da izango bakarra. Baserri bakoitzak berea egiteko ohitura zuen lehen, eta oraindik batzuk egingo dute: "Tontortxo bat garbituta daukagu, eta badugu egiteko asmoa. Hala ere, ikusi egin behar ze eguraldi egiten duen, haizearekin esaterako, ez dugu egingo-eta", azaldu digu San Juan Zahar baserriko Pantxi Ibartzabalek.