Inauteri-zapatuko ekitaldiak elkarrekin antolatu dituzte Gurel guraso elkarteak eta Udalak. Bazkalostean mozorrotuko dira umeak, eta jolasak eta dantzak izango dituzte arratsaldean, 16:30ean, pilotalekuan. Jolasekin nekatutakoan eta hotzari aurre egiteko txokolate beroa eskainiko diete gurasoek.
Ilunkaran helduak agertuko dira mozorrotuta, eta poliki-poliki Inauteri giroan sartzen hasiko dira. 21:30ean Garro jauregian elkartuko dira txiki zein heldu, eta Udalak antolatutako herri afariari ekingo diote: "60 bat lagunendako atera ditugu txartelak, eta Labidea dendan daude salgai. Beste batzuetan legez bete egingo dela uste dugu", adierazi du Ainara Zubillaga Kultura zinegotziak. Hona izango duten menua: hestebeteak, entsalada eta oilaskoa patatekin eta ijito besoa izozkiarekin. Afalostea girotzeko Kuluxka taldea etorriko da, eta erromeria giroko kantak eskainiko dituzte dantzan egin edo kantuekin eztarria berotzeko. Eta askok goizaldera arte luzatuko dute Inauteri-zapatuko jaia.