Udalekuetako azken eguna gaur

Mirari Altube Arrese 2008ko uzt. 18a, 12:32
Gaur esango diete agur udalekuei Gatzagako neska-mutikoek 'Altxorraren bila' jolasa eginda. Hainbat eskulan, jolas eta irteera egin dituzte bi astean, eta gustura baino gusturago jardun dute guztiek. Udalekuak antolatu dituen Gurel guraso elkartea ere pozik dago egindakoarekin.

San Fermin eguna ospatu dute, kamisetak margotu dituzte eta ogia egin, Gamarrako igerilekura eta Ariznabarrako rokodromora joan dira, eta Gaztainuzketan gaua pasatu dute. Hori gutxi ez, eta aurreko zapatuan Araba aldera joan ziren eguna pasatzera gurasoekin batera. Eguraldi txarra egin zuen, eta aldaketa batzuk egin zituzten egitarauan. Lezean mendi buelta egin beharrean Araiara jo zuten, eta Natura Ezagutzeko Zentroa bisitatu. Galzorian dagoen muxar grisari eskainitako erakusketa ikusi zuten bertan. Arratsalderako eginda zeukaten hitzordua, ostera, bere horretan mantendu zuten eta Bikuñara joan ziren zaldian ibiltzera. Ordubeteko itzulia egin zuten euripean 25 zaldiren gainean, eta benetan abentura polita bizi izan zutela jakinarazi digu guraso batek: "Galtzontziloak ere bustita genituen, baina oso polita izan zen mendian egindako buelta, mendi bideetatik eroan gintuzten". Txikienak zalditegian ibili ziren zaldi gainean.

Pozik egindakoarekin

Martitzenetik eguaztenera bitartean Gaztainuzketako mendi etxeetara joan dira gaua pasatzera: "Guztiak joan dira, 3 eta 4 urteko txikiak ere bai, eta inork ez du eskatu etxera eroateko lo egitera. Gustura egon diren seinalea da hori; hortaz, arrakasta handia izan du ekintzak", esan digu Gureleko kide Aitziber Gorosabelek. Eta gainerako ekintzetan ere ez dute gurasoek egon beharrik izan zaintzaile lanik egiten.


Oraindik ez dituzte bukatu udalekuok, baina antolatzaileak pozik daude egindako ekintzekin eta umeen aldetik izandako erantzunarekin, "beti egin daiteke gehiago" gaineratu arren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak