Udaletxean elkartuko dira Leintz Gatzagako Hautets Elkarteko ordezkariak, eta zazpi lagunek daukate zinegotzi kargua hartzeko deia. Hona izenak: Eusebio Villar, Ainara Zubillaga, Iñaki Elkorobarrutia, Asier Elkorobarrutia, Iñaki San Pedro, Ibon Oñederra eta Ainhoa Barandiaran. Karguak hartu ostean, alkatea izendatuko dute, eta, zerrendaburuak izan behar duenez, Eusebio Villar hautatuko dute.
Zinegotzi kopuruari dagokionez, aurreko agintaldian baino bi gehiago izango dira lanerako, eta Udala eratu ondorengo egunetan banatuko dituzte ardurak: "Udaleko sail bakoitza zeinek hartu erdi erabakita daukagu, baina Udalaz kanpoko ardurak banatu behar ditugu: Mankomunitateko ordezkaria…", azaldu du alkate izango den Villarrek.
Aurrerago, batzarra
Bihar eratuko den udalbatzak dagoeneko egin du batzar bat aurreko agintaldiko taldearekin. Hala ere, aurrerago beste bat egiteko asmoa dauka azken lau urteotan esku artean izan dituzten proiektuen berri izateko. Horrez gainera, herri galdeketa egin gurako luke, herriaren plangintza egiteko orduan herritarren iritzia izateko.
Bihar, Udala eratu ostean, ateratzen diren udalbatzako kideek bazkaltzera joateko asmoa dute sartzen diren taldeko kideekin. Bazkariarekin ospatuko dute guztiek eguna.