Udala eta Garraio batzordea pozik autobus zerbitzu berriarekin

Mirari Altube Arrese 2008ko urt. 10a, 14:17
Astelehen honetan, urtarrilak 7, hasita zazpi autobus pasatzen dira herritik egunero. Udalak eta Garraio batzordeak zerbitzua handitzeko eskatu zioten Aldundiari, eta onartu egin du.

Garraio zerbitzua handitu da, Eskoriatzara joan-etorrian ibiltzen den taxi-bus zerbitzua kendu egingo dute-eta. Halaxe azaldu digu Eusebio Villar alkateak: "Taxi-busaren arduradunak aditzera eman zigun utzi egingo zuela zerbitzua. Udaletik eskatu genion jarraitzeko, eta urtarril erdira arte jarraituko du, guri mesede egitearren".
Beraz, hil honen erditik aurrera ez da taxi-busik ibiliko. Hala ere, oraindik ikusteko dago behin-behineko erabakia izango den edo behin betikoa: "Guk taxi-busak lanean jarrai dezala eskatu diogu Aldundiari, eta oraindik erantzuna jaso zain gaude", dio alkateak.

Institutura autobusean
Astelehenaz geroztik zazpi autobus pasatzen dira herritik, Gasteiztik irtenda Arrasatera doana bat eta Eibarrera bi, eta beste lau alderantziz, hau da, Gasteizera. Garraio batzordea pozik azaldu da zerbitzu berriarekin: "Aldundiko arduradunekin elkartu eta hamabost egun baino lehen zerbitzu berria martxan zegoen; hori, behintzat, eskertzekoa da". Hala ere, bai batzordeak, bai Udalak oraindik egiteko daukate balorazioa.
Zerbitzuaren hobekuntza igarriko dutenak Arrasateko institutura joaten diren gazteak dira. Orain arte gurasoen automobiletan ibili behar izan dute, taxi-busak eskainitako baldintzak ez ziren-eta egokiak, baina urte berriarekin autobusean joan ahal izango dira. Bestalde, bai Udala bai Garraio batzordea garraio publikoa erabiltzearen alde azaldu dira, eta gatzagarrak autobusean ibiltzera gonbidatu gura dituzte.

Txartel eskaerarik ez
Autobusean merkeago ibiltzeko txartel bateratua jarri zuen abian Aldundiak udazkenean. Hala ere, txartel hori eskuratzeko eskaerarik ezin da egin Gatzagan. Horretarako inguruko herrietara jo behar da: Eskoriatzan, Dorleta liburu dendara eta Aretxabaletan, Kioskora.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak