Txirrindularitzak eta erlijioak bat egin dute Dorletan

Edu Mendibil 2008ko urr. 26a, 21:25
Txirrindulari asko gerturatu dira gaur Gatzagara, Dorletako santutegira. Dorletako Amabirjina koroatu zutela 50. urteurrena ospatu dute eta zikloturista ugarik (ibarreko herri ezberdinetatik zein Araba aldetik etorritakoak) euren zaindariaren omenezko etapa egin dute Gatzagaraino. Santutegiko paraje ederrean, helmugan, salda beroa zuten zain.

Gatzagako Udalak eta Gatzagako Txirrindulari Batzordeak elkarrekin antolatu dituzte gaurko ekitaldiak. Egoitz Aizpuru eta Joseba Lasagabasterren bertsoen eta txistularien saioaren ondoren, Juan Maria Uriarte gotzainak meza eman du eguerdian santutegian, Eskoriatzako abesbatzak alaituta. Migel Aranburu, Ramon Uribetxeberria, Jesus Ortiz de Urbina eta Pedro Armendariz apaizak izan ditu alboan. Eliza jendez lepo zegoen. Han ziren, besteak beste, Eusebio Villar Gatzagako alkatea, Pedro Lasagabaster Eskoriatzakoa eta Inazio Garro, Aretxabaletako alkatea. Juan Mari Uriartek txirrindularitza eta erlijioaren arteko lotura ekarri du gogora: “Txirrindulariak bezala, kristauok bidean, errepidean gara, ez dugu bizitza errepide bazterretik ikusi nahi. Eta horretarako ezinbestekoa da ondo prestatzea eta albokoarekin solidarioa izatea, talde lana azken baten, kirolean bezala”.
   
Elizkizunaren erdialdean lore eskaintza egin zioten Dorletako Amari, hainbat mailot lurrean zirela. Meza bukatutakoan, bildutakoak santutegi ondoko zelaian elkartu dira; tenperatura epelagoa zen ordurako. Lagunartean zerbait hartu eta beherako bidea hartu dute denek. Oraindik ere baziren bizikletan ibiltzen jarraitzeko gogoa zutenak. Dorletako Amaren babesarekin, noski.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak