Eskulangintza feriak hamazazpigarren edizioa bete du aurtengoan eta 15 postu jarri dituzte pilotalekuan. Han forja, egurra, umeen jolasak, musika instrumentuak, pilotak, bitxiak, kaikuak eta beste egiten ikusteko eta erosteko aukera izan da.
Horrez gain, urteroko ohiturari jarraituta, Sorginak emakume elkartekoek talo saltokia jarri dute Basatxarri izendapena duten hirugiharra eta txistorra erabilita.
Txerria, protagonista
Orain dela urte batzuk txondorra egin zuten moduan, oraingoan txerri-boda egin dute. Hala, 250 eta 150 kilogramoko bi txerri hilda eraman dituzte Gatzagara, eta han hainbat auzotarrek zatitu eta jendeari erakutsi diote txerriari zer etekin atera. Hala, emakume batzuek odolosteak egin dituzte eta gizonezkoek txorizoa. Jakin-min handia piztu du ekimenak.