Txabolen gaineko ordenantzan aldaketak

Mirari Altube Arrese 2007ko abenduaren 3a

Txabola eta estalpeak eraikitzea arautzen duen Udal ordenantza aldatzea erabaki zuen udalbatzak orain dela hilabete inguru. Ordenantza haren arabera herrian bertan ezin zitekeen txabolarik egin, gutxienez 200 metrora egon behar zuten. Hori, baina, aldatu eta gutxienezko distantziarik ez jartzea erabaki zuen.

Eusebio Villar alkateak erabaki haren arrazoia azaldu zuen: "Ortu gehienak herri inguruan dituzte gatzagarrek, eta txabola ere bertan behar dute lanabes eta gainerakoak gordetzeko. Baimenik eman ezean modu txarrean egiten dituzte, hortaz, baimena eman eta behar bezalakoak egitea hobe izango dela pentsatu dugu".

Aldatutako ordenantzan zehaztu dute, gainera, noizbait lanen bat egiteko –hodiak sartu, kaleak txukundu…– txabola bota beharko balute Udalaren aginduz kalte ordainik eskatzeko aukerarik ez dutela izango ugazabek.
Ordenantzari egindako aldaketak ikusgai daude udaletxean azaroaren 16a ezkero. Eta herritarren batek alegazioren bat jarri gura izanez gero abenduaren erdira arte izango du epea. Halakorik ez bada gertatzen behin betiko onartuta geratuko da ordenantza berria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak