Arlaban gaineko plana onartu zuen Udalak joan zen asteko osoko bilkuran. Arlaban gaina arautzea du helburu plan horrek, hau da, batetik, orain eraikita dauden jatetxe eta ostatuak arautu –Gure Ametsa, Gatzagain eta Gaztainuzketa– eta bestetik, aurrera begira egin daitezkeenak. Udazkenean onartu zuten plana, baina herritarrek alegazio bi aurkeztu dizkiote eta eskatutakoak aztertzen jardun du Udalak urtarriletik hona.
Alegazioetako batek gura zuen turismoko zerbitzuei eskainitako lurretan gehiago eraiki ahal izatea, eta ez %5 bakarrik. Udalak portzentajea ez du aldatu, baina eskaera kontuan hartuta bi aldaketatxo egin dizkio planari: batetik, eraikinen altuera 7 metrotik 8,5 metrora igotzea, hau da, hiru solairuko eraikina egin ahal izatea; eta bestetik, teilatua ez daukan guztia ez kontatzea eraikin moduan –aparkalekuak, bizikletendako lekuak…–. Alkateak badaki Arlabanen lurrak dituzten guztiak ez daudela pozik, baina ezin dela besterik egin dio: “Lur gutxi izango da horiendako, baina Aldundiarendako igual gehiegi, eta haren oniritzia behar dugu orain planak aurrera egin dezan”. Alkateak, gainera, argitu gura izan du eraiki esaten denean ez dela etxebizitzak, turismo alorreko ekipamendu eta jarduerak, baizik.
Bestalde, Arlaban gainean araututako lurren zati bat nekazaritza-turismo izaerako ekipamenduendako izango da, Jakionendako esaterako. Gatzagan duen eraikina txiki geratu zaio Jakioni eta bideragarria izateko ekipamendu hobeak behar ditu. Udalak kontuan hartu du eskaera hori eta Arlabanen egokitu gura dio tokia.
Baserriak hirutan banatzea
Arlabango planaren onarpena aprobetxatuta, arau subsidiarioaren aldaketa puntual bat ere onartu du Udalak. Herriko baserriak bi etxebizitzatan banatu ahal izango dira horren arabera, eta hirutan ere bai baserriak 200 metro koadro baino gehiago baditu. Hori bai, edozein kasutan ere ezingo da etxearen egitura ukitu –ezin da altuera igo–.
Aldaketak aldaketa, ez Arlabanen, ezta baserri inguruetan ere, ezin da etxebizitza berririk eraiki. Horretarako herriko plan orokorra berrikusi beharko litzateke eta arau subsidiarioak aldatu, baina Udalak ez duela ez dirurik, ez ahalmenik momentu honetan esan digu alkateak.