Transformadore berria martxan datorren astean

Mirari Altube Arrese 2009ko mar. 19a, 13:28
Transformadore berria datorren astean hasiko da lanean. Iazko udazkenetik dago Udala transformadore berriaren zain eta lanak uste baino gehiago luzatu badira ere, astelehenetik aurrera martxan izango da.

Horretarako baina hainbat lan egin behar dituzte Iberdrolako langileek, tartean transformadore zaharrera beharrean berrira lotu argindarraren dorretik datozen kableak. Eta lan horiek egiteko argindarra moztu beharko dute astelehenean, hilak 23, 08:30etik 13:30era bitartean. Udalak jakinaren gainean jarri ditu herritarrak ahal den eragozpen gutxien sortzeko.

Banatzailea bai, sortzailea ez

Transformadore zaharretik ere ondo jasotzen dute argindarra herritarrek etxean, baina berritze lanak egitera derrigortuta zegoen Udala. Industria Sailak exijitu zion argindar banatzailea delako, hau da, Iberdrolari erosi eta herritarrei banatzen dielako Leintzargi SL enpresaren bitartez. Horiei zorrotz egiten die jarraipena Industria Sailak. Lanok egiteko 122.000 euro gorde zituen iazko aurrekontuan Udalak.


Gatzagako Udala argindar banatzailea izan arren ez da sortzailea –ez du argindarrik sortzen beste herri batzuek egiten duten moduan–. Hala ere, banatzen jarraitzeko erabakia hartu du, nahiz eta jakin gero eta zorrotzagoak izango direla arauak eta trabak ere etor daitezkeela. Herritarrak pozik daude zerbitzuarekin eta Udalak hori hartu du kontuan aurrera egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak