2008ko negurako lanok bukatuta izango zituztela uste zuten udal arduradunek, baina uste baino luzeago doa kontua. Lanak bukatuta daude –txabola berria eta dorrea, zaharraren alboan–, baina garrantzitsuena geratzen da egiteko: argindarra transformadore berritik banatzea.
Gipuzkoan hiru herritan bakarrik banatzen du udalak argindarra: Tolosan, Oñatin eta Gatzagan. Eta Aramaion ere bai. Herri batzuetan argindarra sortu egiten dute eta gero hori banatu, baina Gatzagan ez; Udalak Iberdrolari erosten dio, gero herritarren artean banatzeko: "Hemendik aurrera gero eta traba gehiago izango ditugula uste dugu, baina oraingoz jarraitu egingo dugu banatzen. Energia berriztagarriekin aukera polita izan dezakegula ere badiote batzuek", azaldu digu Eusebio Villar alkateak.