Tasek eta zergek ez dute izango inolako igoerarik

Mirari Altube Arrese 2009ko aza. 6a, 15:14
Gatzagako udalbatzak erabaki zuen Udal tasa eta zergarik ez igotzea datorren urtean. Martitzenean, hilak 3, egindako ezohiko osoko bilkuran onartu zituzten ordenantza fiskalak.

Egungo egoera ekonomikoa ikusita halako igoerarik ez dela komeni egitea jakinarazi zuten. Iaz ere oso tasa gutxi igo zituzten, ondasun higiezinen gaineko zerga eta potentzia handiko ibilgailuei dagokienak bakarrik, hortaz, zerga eta tasa gehienak orain dela bi urtekoak bezalakoak izango dira datorren urtean.

Udalak kudeatzen ez dituen tasak ere ez igotzea erabaki zuen udalbatzak. Mankomunitateak kudeatzen duen zaborraren tasak ez du igoerarik izango 2010ean –aurten %24 artekoa izan du–, baina bai Ur Kontsortzioaren eskuetan dagoen urarenak; %3,96ko igoera hain zuzen. Alkateak jakinarazi zuen igoera hori beregain hartzea erabaki duela Udalak eta herritarrei ez aplikatzea, nahiz eta ondorioz diru apurren bat galdu.
Bestetik, Udalaren eraikinak –udaletxea, eskola eta kultura etxea– garbitzen dituen Hemen Garbiketak enpresari kontratua luzatzea erabaki zuten. Lau urterako kontratua dauka, baina bi urte pasatu eta gero urtero berritu behar du udalbatzak. Halaxe egin zuten eta beste urtebetez behintzat Hemen Garbiketak enpresak egingo ditu eraikin horien garbitasun lanak.

Olaungo sarrera, 14.770 euro

Santa Kolunba ermitako lehen faseko lanak bukatzeko 30.000 euro behar direla jakinarazi zuen alkateak. Teilatua konpondu zioten udaberrian Estatu fondoko dirulaguntzari esker –44.000 euro–, baina lehen fasea oraindik bukatu barik dago. Dirulaguntza baten zain daude aurrera egiteko eta beste zati bat Udalak berak jarriko du; lanok egunotan esleituko dituzte.


Hainbat baserritara doazen bide sarreren konponketa lanak, ostera, dagoeneko guztiz bukatuta daude. Landagipuzkoa egitasmoari esker egin dituzte eta Aldundiak oniritzia eman die lan horiei egunotan. Lau bide sarrera izan dira eta horietatik hiruren gastua Landagipuzkoak hartu du beregain –Gatzagain, Arrate eta Asteisolo–. Udalak bakarra ordainduko du, Olaun baserrira doan sarrera egokitzea hain zuzen. Horren gastua 14.770 eurokoa izan da eta martitzenean egindako osoko bilkuran oniritzia eman zioten ordainketa horri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak