Soran jauregia ostatu bihurtzeko lanak martxa onean doaz

Mirari Altube Arrese 2007ko aza. 30a, 12:23
Dagoeneko urtebete pasatu da Soran jauregia konpontzen hasi zirenetik. Orduan urte eta erdiko lanak aurreikusi zituzten, eta Monse Valerio ugazabak martxa onean doazela baieztatu digu.

Soran jauregia edo Indianokoa egoera benetan eskasean zegoen orain dela urte eta erdi. Udalak saltzeko asmoa azaldu zuen jausi aurretik, eta Gaztainuzketako mendi etxeak kudeatzen dituen Monse Valerio eta Loren Larrañaga bikoteak erosi zuen. Euren asmoa zen konpondu eta ostatu bihurtzea. Hala, azaro inguruan hasi zituzten zaharberritze lanak, eta urtebete geroago martxa onean doazela ziurtatu digute: "Teilatua bukatzen dabiltza eta Gabon ingururako aurrealdea guztiz bukatuko dute. Egia esan, berrituta dago aurrealdea, baina margotzea geratzen zaie langileei. Orain aldamioz beteta dago eta ez da ondo ikusten; behin margotuta behar bada kenduko dituzte", argitu digu Valeriok. Barrualdeari dagokionean egurrezko habeak eta lurzorua berritu dituzte: "Ahal izan dugun guztia mantendu dugu, eta habeak ikusgarri geratu dira", adierazi du Valeriok.

Irailean zabalik

XVIII. mendean eraikitako jauregi dotorea da Soran, baina aurretik beste bat egon zen bertan. Santiago kalean dago, eta laster ostatua izango da. 10 logela izango ditu, 70en bat lagunendako jangela, laneko batzarretarako egongela jangela txiki batekin, taberna eta ugazaben bizilekua. Sotoan, ostera, biltegia eta komunak jarriko dituzte. Eta datorren urteko irailean zabaltzea gura dute Valerio eta Larrañaga bikoteak: "Udarako baliteke bukatuta izatea, baina irailean zabaltzea erabaki dugu".

Soran jauregiko ostatua zabaltzerakoan Gaztainuzketako mendi etxeen kudeaketa utzi egingo dute: "Biak mantentzeak lan handia eskatuko liguke, eta ez dugu jarraituko Gaztainuzketan. Horrek ez du esan gura itxi egingo direnik", argitu du. Udalarenak dira mendi etxeak, eta hark erabaki beharko du zer egin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak