Soran Etxeak III. Gastronomia Jardunaldietan hartuko du parte

Mirari Altube Arrese 2009ko urr. 2a, 14:19
Irailaren 26an aurkeztu zituzten Debagoieneko III. Gastronomia Jardunaldiak, Aretxabaletan. Debagoieneko zazpi jatetxek hartuko dute parte hirugarren jardunaldi horietan, tartean dago Gatzagako Soran Etxea hotela.

Soran Etxeak orain arte egindako hiru jardunaldietan hartu du parte. Bertako nagusi den Montse Valerio pozik dago jardunaldi horiekin: "Publizitatea egiteko modu ona da eta ezagutarazteko egiten den guztia ongietorria da. Jardunaldien berri ematen duten esku-orriak ateratzen ditu mankomunitateak eta horiek Euskal Herriko turismo bulego guztietara doaz. Inguru honetan zerbait badagoela erakustea da helburua, non ote dago Gatzaga zalantza sortzea, esaterako. Izan ere, Donostia aldetik gurera jendea ekartzea ez da samurra eta edozein publizitate kanpaina da ona". 


Urriaren 12an hasiko dira jardunaldietarako gertatutako menu bereziak eskaintzen eta azaroaren 15a arte iraungo du. Onddoak eta bildotsa izango dira oraingoan, menuetako protagonista. Herritarrek menu horien berri izaten duten galdetuta baietz dio Valeriok: "Egia da oraindik gutxi datozela jardunaldiak direla-eta eskaintzen gabiltzan menu horren bila, baina gero gustura hartzen dute. Erakundeetatik datozenek, ostera, izaten dute berri eta aurrez lotzen dute".


Onddoak eta bildotsa erabilita jatetxe bakoitzak norberaren menua gertatuko du eta bi lehen plater, bi bigarren plater eta postrea izango ditu. Soranek umeendako menuak ere gertatzen ditu. Martitzenetik domekara bitartean eskainiko dute, eta aurrez txanda hartzea komeni da.

Urtebeteko jarduna

Irailaren 11n bete zuen urtea Soran Etxeak eta bertso afaria eginda ospatu zuten: "Oso giro polita izan genuen, ni Kataluniakoa naiz eta ez ditut ulertzen bertsoak, baina izugarri gustatu zitzaizkidan eta oso ondo pasatu genuen. Egia da jende asko ez ginela elkartu, herriko jaiak pasatu berri zeuden-eta; horregatik, beste bat antolatzea gurako nuke aurrerago. Hurrengoan sagardotegiko giroa sortuko dugu, menu bereziarekin eta kupelak ekarrita", azaldu du Valeriok. 


Pozik daude urtebetean Soranek izan duen jardunarekin, nahiz eta hotelera jende gutxi etorri: "Datorren astean datoz Copreciko lagun batzuk baina bestela geldi dago hotela. Nik uste denbora behar duela", dio. Jatetxearekin, ostera, oso pozik daude: "Lehendik geneuzkan bezeroak datoz baina berriak ere bai, asko. Gainera lagunarteko bazkari asko izaten ditugu, eta benetan pozgarria da hori, krisi sasoian bizi arren elkartzeko ahalegina egiten delako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak