Orain dela hilabete batzuk Udalak eskatu zion Aldundiari herriko bi sarrerak egoki zitzala automobilekin egin beharreko sartu-irtenak seguruagoak izateko –iaz baserri batzuetara doazen bide sarrerekin egin bezala–. Gainera, goiko sarreran autobus geltokia dago eta oinezkoek ere gurutzatzen dute errepide nagusia. Hori kontuan hartu eta Aldundiak semaforoak jarri ditu bi sarrera nagusietan. Hiru jarri dituzte: bi Gasteizera doazenendako, herrira sartzeko dagoen kurba aurretik eta ondoren; eta hirugarrena Eskoriatzara bidean, autobus geltokia baino zerbait lehenago.
Semaforoek laranja kolorea dute uneoro eta gidariei jakinarazi gura diete abiadura murrizteko eta kontu handiarekin pasatzeko tarte horretatik. Helburua da herrira doazen autoak seguruago, eta era berean, lasaiago sartzea eta irtetea.
Hilabetez egongo dira semaforoak Gatzagako errepidean eta ondoren zer edozertarako balio izan duten edo ez erabakiko dute adituek.