Santa Kolunba ermita gatz museoko informazio-gune bihurtu gura dute

Mirari Altube Arrese 2009ko urt. 23a, 11:27
Gatz museora bidean dagoen Santa Kolunba ermita eman egin dio Elizak Udalari. Orain konpontzeko asmoa dute Espainiako gobernuak iragarritako dirulaguntzarekin eta gatz museoko informazio-gune bihurtu.

Lagapenaren berri eman zuen Eusebio Villar alkateak eguazten ilunkaran egindako ezohiko osoko bilkuran eta aho batez onartu zuen udalbatzak. Gainera, notarioaren aurrean egin beharreko kontuak sinatzeko ahalmena eman zioten alkateari gainerako zinegotziek.


Santa Kolunbaren izenean egindako ermita dorletara bideko zubi ondoan dago. Antzina dorlen atzean egon ei zen, baina inork ez dakien arrazoiengatik aldatu egin zuten. Ermitak ez dauka santuaren irudirik orain, baina barruan aldaretxo bat dauka. Udalaren asmoa da ermita hori gatz museoko informazio gune eta sarrera bihurtzea. Bisitariak hartuko lituzkete bertan eta handik hasiko lirateke gatza egiteko prozesuaren bisita. Horretarako, baina, konpondu eta egokitu beharra daukate: "Baldintza bakarra jarri digute konponketa lanak egiteko, ermitaren hormak eta aldarea mantentzea", jakinarazi du alkateak.

44.000 euroko dirulaguntza

Udalak erabaki eguazteneko osoko bilkuran Espainiako gobernuak eskainitako dirulaguntza deialdira aurkeztea proiektua. Gatzagari 44.000 euro eskaini zizkioten udazkenean iragarri zituzten dirulaguntza deialdietan. Biztanle kopurua hartu zuen kontuan Espainiako gobernuak eta horregatik diru gutxien jasoko duen Debagoieneko herria izango da: "Diru asko ez da eta ezin dugu edozein proiektu aurkeztu". Ermita konpontzeko proiektua aurkeztu arren lanen lehenengo faserako bakarrik izango da dirulaguntza eskaera: "Lanek 120.000 euro inguruko aurrekontua dute, hortaz, ezin genezake guztia eskatu", argitu digu Villar alkateak.


Astean bertan aurkeztuko dute proiektua eta onartuz gero apirilerako lanak hasita izan beharko dituzte. Horixe da ezarritako baldintza bat eta 2010eko lehen hiruhilabetean bukatuta izatea bigarrena. Hasieran laguntzaren %70 jasoko du Udalak eta lanok bukatutakoan gainerakoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak