Atzo, uztailak 9, hasi zituzten udalekuak Gatzagako umeek. 2 eta 14 urte arteko 23 neska-mutiko ibiliko dira datozen bi asteotan eta ohiko jolasekin batera irteerak egingo dituzte.
San Fermin eguna ospatuta hasi zituzten udalekuak eta gaur ere herri inguruan ibiliko dira eskulanak egin eta jolasean. Bihar, eguaztena, zaldian ibiltzera joango dira Arabako Etxabarri Dibinara eta egubakoitzean Gamarrako igerilekuan pasatuko dute arratsaldea. Datorren astean Landara eta Gaztainuzketako mendi etxeetara gaua pasatzera joango dira, hortaz, ez dute aspertzeko astirik izango.
Udalekuok Gurel guraso elkarteak antolatu ditu urtero moduan, eta neska-mutiko guztien arduradun Alazne Diaz aretxabaletarra dabil –ikasturtean ludotekan eta liburutegian egon den begiralea– beste bi lagunekin batera.