Menuari dagokionez, gainerako sagardotegietan eskaintzen dutena izango da: bakailao tortilla, bakailaoa piperrekin eta txuleta. Baina ez dute menu bakarrera mugatu gura eskaintza eta beste era bateko menuak ere eskainiko dituztela jakinarazi du Soran Etxea hoteleko ugazaba Montse Valeriok eta gaineratu: “Ondo badoa ekimena martxoa bukatu arteko egubakoitz eta zapatu guztietan eskainiko dugu”. Soraneko jangelak 50 bat lagunendako lekua du eta koadrilak hartzeko gertu daude.
Bertsolariak
Soran Etxeko ugazaba kataluniarra da baina oso gustuko du sagardotegiko giroa. Eta bertsolariak ere etorriko direla aste bukaeraren baten jakinarazi du: “Berandu ibili gara orain ekartzeko, denboraldia hasteko, baina jende asko daukagun egunen baten ekarriko ditugu. Hotelaren urteurrena ospatzeko ere izan genituen irailean eta oso giro polita jarri zuten, nahiz eta nik neuk ez ulertu diotena”, esan du.
2008ko irailean zabaldu zuen Soran Etxea hotela Montse Valeriok senarrarekin batera. Aurretik Gaztainuzketako mendi etxeen ardura izan zuten. Urte eta erdi eskasean, Debagoieneko Mankomunitateak antolatutako gastronomia jardunaldien bi ekimenetan hartu dute parte, arrakasta handiarekin.