Gertutasuna, kantuak eta soinu ederra izan ziren emanaldiaren ezaugarri nagusiak. Estreinatutako diskoarekin eta musikari berriekin etorri zen Ruper, kantuei bestelako barniza eman zietenak: batetik, kantu berri goxo eta gardenak ñabardurez eta giroez ederto jantziz; eta bestetik, aurreragoko pieza ezagunei ukitu askoz rockeroagoa gehituz. Alboan izan zituen Lutxo Neira baxu jotzailea, Asier Oleaga bateria eta Arkaitz Miner aspaldiko ezaguna, azken hori gitarra, mandolina eta biolinaren kargu.
Tenpo lasaiagoa eta giroak
Aurrean familiak eta umeak, eta atzerago inguruetako zaleak adi zituela, oñatiarrak leinztarrak poltsikoan sartu zituen hasieratik, bere xamurtasunak eta kantuek eurek lagunduta.
Jakina da Ruperrek kantuak borobildu eta mimatu egiten dituela eta, beti ere, puntako musikariak ibiltzen dituela ondoan. Hala ere, txundituta gelditu ginen gaur egungo bidailagunek kantuak marrazteko ematen dioten kolore guztiekin; eta, tarteka, erakusten duten rock animali ezaugarriekin; pizti bihurtzen dira. Itzelak guztiak, baina nabarmentzekoak Arkaitz Miner, eta bateria laztantzerakoan Joe Henry disko ekoizle eta musikaria irakasle izan duela dirudien Asier Oleaga, batez ere.