Rock kontzertuak eta askotariko dantzak, aurtengo jaietako izarrak

Goiatz Arana Begiristain 2008ko ira. 7a, 19:04
Gatzagarrak festa giroan murgilduta dabiltza aste bukaeran; barikuan abiarazi zituzten Andramaixak eta, orduz geroztik, ez dute atseden hartzeko tarte handirik izan.

Bariku gaueko rock kontzertua zen aurtengo jaietako hitzordu nagusietako bat eta ibarreko zaleek bikain erantzun zuten, nahiz eta Ainara Zubillaga Kultura zinegotziak aitortu digun jende gehiago espero zutela. Rock kontzertuak bukatuta, pilota partiduen txanda heldu zen eta, harrigarria badirudi ere, izan zen horretara animatu zenik ere.

Atzo, zapatua, adardun eta poniekin gozatu ederra hartu zuten gaztetxoek. Fin ibili ziren, goizeko eta eguerdiko hitzorduetara hutsik egin barik, nahiz eta gutxi ausartu ziren zezen txikien aurrean ipintzera. Eguerdian indarrak hartuta, gozamenak arratsaldean jarraitu zuen, jolas parkean.

Dantzaren aldeko apustua

Egitarauan denetarikoak jaso arren, dantzari tarte berezia egin nahi izan dio aurten jai batzordeak eta zapatu gauean garbi geratu zen hori: herri afarian batutako 150 lagunek, ostean, askotariko dantzak ikusi eta egiteko aukera izan zuten. Hasteko eta behin, A'Marhaba taldearen eskutik, sabel dantzak izan ziren, eta arropa arinekin jantzitako neska politek gorputza nola mugitzen zuten begira, aho zabalik egon ziren bat baino gehiago. N'Diakhasrytm perkusio taldeak, bere aldetik, estilo ezberdinetako piezak jo zituen eta, batzuen eta besteen emanaldien artean, Tapia eta Leturiaren txanda izan zen.

Balorazio positiboa

Jaiek orain arteko emandakoarekin, pozik agertu dira udal ordezkariak; hasiera motel samarra izan bazen ere, asteburuak aurrera egin ahala, jendea festarekin bat egiten eta giroa animatzen joan dira.

Bihar, astelehena, gehiago

Urteroko ohiturari jarraituz, gatzagarrek Otxandiokoen bisita jasoko dute astelehenean. 11:00etan, ongi-etorria egingo diete; 12:30ean, meza  izango da, Eskoriatzako abesbatzarekin; 16:00etan, umeentzako jolasak; eta 19:00etan, musikarekin, amaitutzat emango dituzte aurtengo jaiak.

Erretiratuentzat bada oraindik ere beste hitzordu bat, ordea: jubilatuen bazkaria. Zapatuan, hilak 13, izango da hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak