Lanak lehenbailehen hasteko
Estatu Fondotik Leintz Gatzagara 28.432 euro bideratuko zituztela iragarri zuten iazko urrian. Oso diru gutxi izanik, lan txikiak egitea erabaki du Udalak; izan ere, lan handiagoak, Santa Kolunbako bigarren faseko lanak, esaterako, ezingo lituzke bukatu.
Hala, bada, herritarren eskaera kontuan hartu eta plazako hormari baranda edo antzeko zerbait jartzea erabaki du. Orain ez dauka ezer eta bertatik jausteko arriskua dago.
Bestetik, gatz museoaren alboan dagoen eraikin bati teilatua konponduko diote. Udalaren biltegia da orain, baina aurrera begira beste zerbaitetarako erabil daitekeela pentsatuta erabaki dute konponketa egitea.
Proiektu biak onartu dituzte Madrilen eta laster esleituko dituzte lanak, lehenbailehen hasteko.
Udal aurrekontua
Udala, berriz, 2010eko aurrekontua gertatzen dabil. Egoera ekonomikoa, baina, ez da batere ona eta kontuak zelan lotu asmatu ezinik dabil. Alkateak iragarri du partida gehienek %10eko jaitsiera izango dutela eta berririk ezingo dutela sartu.