Udalaren egoera ekonomikoak inbertsio bakarra egiteko aukera ematen du, eta herrirako hain garrantzitsua den pilotalekuari ematea erabaki dute. Hain zuzen, horretarako gordeta zeuzkaten iaztik 50.000 euro, eta Foru Aldundiaren Landagipuzkoa programaren eskutik beste 60.000 euro jasoko dituzte. Elkarlan hori bermatzen duen hitzarmena ere joan den asteko osoko bilkuran berretsi zuen Udalak. Pilotalekuko obren proiektua eginda dauka Udalak, eta Foru Aldundiak ere ontzat eman du.
Jaiak eta gero
Pilotalekua konpontzeko asmoak baditu sei bat urte. Obra batzuk egin zituzten bere garaian; hala, goiko partea estali zuten. Horrez gain, unean uneko premiak konpontzen joan da Udala, lan txikiagoak eginda. Beheko partea itxi nahi dute orain. Iaz onartu zuen Foru Aldundiak proiektu hori Landagipuzkoa programaren barruan babestea.
Konponketa lan horiek ezinbestekoak dira. Lehen goiko zatia egin zuten, eta orain, "beheko zatia goikoa dagoen moduan" utzi nahi du Udalak, Eusebio Villar alkatearen esanetan. Urteekin, pilotalekuko estalkiak usteldu egin dira eta berritu egin behar dira.
Lanak Etorlur Gipuzkoako Lurrak enpresak esleitzen ditu, Landagipuzkoa proiektuko lan guztiekin egiten den moduan. Gatzagako Udalak eskaera bat egin dio Etorlurri: "Obrak herriko jaien ondoren hasteko esleitu ditzala eskatu diogu, jaietan pilotalekua erabili ahal izateko", esan du alkateak.
Lanak hasi bitartean, pilotalekuak guztiz segurua izaten jarraitzen du.