Pilotalekua estaltzeko dirua nondik bideratu erabaki behar du Udalak

Mirari Altube Arrese 2009ko maiatzaren 22a

Pilotalekua estaltzeko Landagipuzkoa egitasmoaren laguntza jasoko du Udalak. Hala ere, diruaren zati bat jarri beharko du eta hori nondik bideratu erabaki arte ezingo dute lanik egin.

Herrian izan zen Markel Olano diputatu nagusia joan zen astean eta bertatik bertara ezagutu zituen Udalak herrirako dituen asmoak eta ezintasunak. Guztiaren berri jasotzen duen txostena eman zioten Udal ordezkariek.

Ez zuen ezer berririk ekarri diputatu nagusiak Gatzagara; izan ere, herriko kontuen berri jasotzera etorri zen: "Lan egiteko interes eta gogo handia ikusi zituen eta hori behintzat ona da", azaldu digu Eusebio Villar alkateak balorazioa egiteko eskatutakoan. Landagipuzkoa 32 egitasmoaren gainean jardutera etorri zen Olano, Landa Garapeneko diputatu Rafael Uribarrenekin batera, baina Udal ordezkariek aurrez zekizkiten onartutako proiektuak: "Bagenekien egindako dirulaguntza eskaerei baietza eman zietela. Hala ere, Olanok berak esan zuen Udalak ere jarri beharko duela zati bat, eta hori ez da izango samurra".

Hiru proiektu ziren aurkeztutakoak: hainbat baserritara doazen bide sarrerak egokitzea –dagoeneko konpontzen–, pilotalekua estaltzea eta ur-depositua egitea Gatzagain inguruan, Arlabango plan bereziaren barruan.

Pilotalekua estaltzea

Eskaerak onartzeak, baina, ez du esan gura lehenbailehen egingo dituztenik Gatzagan. Pilotalekuari dagokionean asmoa da guztiz estaltzea. Lehen goiko partea estali zuten, eta asmoa da behekoa ere ixtea. Aurreproiektua eginda daukate –dirulaguntza eskaerara aurkeztutakoa– eta orain proiektua egingo dute: "Lan horrek txikikeria dirudi baina diru asko eskatzen du", argitu du alkateak. Landagipuzkoak %60 ordainduko du, eta gainerakoa Udalak jarri beharko du. Udal ordezkariek, baina, ez daki %40 hori nondik aterako duten, hortaz, alkatea ez da ausartu lanen datarik ematera.

Arlabango plana Aldundian

Ur-deposituaren eskaerak oraindik ez du jaso behin betiko baietzik, baina Olanoren esanetan proiektuak aurrera egingo du. Ur-deposituarekin gura dutena da Gatzagain eta Gaztainuzketa inguruan ura ziurtatuta izatea, batez ere Arlabango plan berezian aurreikusitakoa egiterakoan. Hain zuzen Arlabango plana Diputaziora daukate bidalita oniritzia jasotzeko, eta hori egindakoan behin betiko onartuko du Udalak. Hala ere, alkateak argi utzi du aurten ezingo dutela uraren kontuarekin aurrera egin, dirutza handia delako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak