Herri batean frontoi batek betetzen duen funtzio soziala azpimarragarria da oso. Pilotan edo beste edozertan jolastu edo jokatzeko aukera ematen du, azokak edo kontzertuak antolatzeko, eta herrietako jaietan ere funtzio nabarmena izaten dute. Erabilera sozial hau nabarmenagoa da gainera herria txikia baldin bada. Leintz Gatzagako pilotalekua ere ez da salbuespena, herritarrek erabilera anitza ematen baitiote herriko frontoiari. Baita herri eskolako irakasleek ere.
Baina Leintz Gatzagako frontoiaren egoera gaur egun ez da izan zitekeen onena, sabaitik itoginak baitaude, eta plaza aldetik ere hotza eta euria sartzen da. Horregatik, pilotalekua egokitzeko lanak hastekoak dira laster barru. Herritarrek ere horren beharra ikusten zuten, eta neurri hau ongi hartu dute.
Lanak datorren azaroaren 14rako egon behar dute amaituta, orduan ere beste funtzio sozial bat bete beharko baitu Leintz Gatzagako frontoiak, San Milixan feria egingo baita bertan.