Pilotaleku azpiko garaje itxirako izenemate epea zabalik

Mirari Altube Arrese 2008ko aza. 21a, 13:56
Pilotaleku azpian dagoen garajeko lekuak eskuratzeko izenemate epea zabaldu du Udalak. Eguaztenean, hilak 19, argitaratu zuen deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta abenduaren 4a bitartean aurkez ditzakete eskaerak herritarrek.

Horretarako udaletxeko Erregistrora joan behar dute astelehenetik egubakoitzera bitartean (09:30-13:30) eta eguenetan arratsaldez ere bai (14:00-18:00). Argibide gehiago eta bete beharreko agiriak udaletxean dituzte; baldintzen plegua, ostera, Udalaren webgunean dago: www.leintzgatzaga.com. Hona eskatzaileek aurkeztu beharrekoa: eskaera orria beteta, nortasun agiriaren kopia eta zirkulazioko baimenaren kopia.

Autoak, motorrak eta quads-ak

Pilotaleku azpiko garaje itxia Udalarena da, eta lurrean margotutako marra bidez ditu banatuta tokiak. 17 automobil sar daitezke, eta bi toki gorde dituzte motorrendako eta quads-endako. Bi toki horiek orain ez daude libre, baina eskaera egonez gero Udalak garbituko lituzke. 


Baldintzen plegua urriaren 28an egindako osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak. Hona eskatzaileek bete beharreko hiru baldintzak: ibilgailu baten titularra izatea; Gatzagan erroldatuta egon eta bertan bizitzea; eta ibilgailuen gaineko Udal zerga ordainduta izatea. 


Kontratua bi urterako egingo dute –2009 eta 2010– baina beste bi urtera luzatzeko aukera izango dute, Udalak hala gura badu. Hona 2009rako ezarritako prezioak: ibilgailuendako, 332 euro; quads-endako, 199,20 euro; eta motorrendako, 132,80 euro. Hiru kopuruei KPI gehituko diote, baita 2010ean ere. Horrez gain 30 euroko bermea jarri beharko dute tokia eskuratutakoek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak