Olabide ikastolako haur abesbatzen emanaldia parrokian

Mirari Altube Arrese 2008ko abe. 18a, 13:28
Gasteizko Olabide ikastolako neska-mutikoek osatutako abesbatzak izango dira zapatuan, abenduak 20, San Milixan parrokian (18:30). Hainbat eratako abestiak eskainiko dizkiete gatzagarrei.

Ekitaldia Txosna 2008 taldeak antolatu du. Iraileko Andramaixa jaietan San Migel plazan jarritako txosnan jasotako diruarekin antolatu dute. Diru horrekin zer egin erabakitzerakoan abesbatza ekartzea bururatu zitzaien txosnan lanean jardundako herritarrei. Lehenengoz egingo dute halako ekimena jaietako txosnan jasotako diruarekin. Halaxe ia 100 ume etorriko dira eta ordubete inguruko saioa eskainiko dute.

Hainbat eratako abestiak

Gasteizko Olabide ikastolako bi abesbatza etorriko dira. Batetik, Abesbatza Txikia, 6 eta 10 urte arteko 49 neska-mutikok osatutakoa eta bestetik, 11 eta 17 urte arteko 48 gaztetxoena. Abesbatzen zuzendaria Estitxu Txurruka da, eta hainbat eratako abestiak abestuko dituztela iragarri digu: "Lehenengo txikienek abestuko dute eta gero nagusiek. Eta seguru asko, bukaeran biek batera abestuaz bukatuko dugu ekitaldia". Gabon kantuak eta Gabonetakoak ez direnak tartekatuko dituzte, eta euskaraz eta atzerriko hizkuntzatan abestuko dute: "Batzuk dantzagarriagoak dira, eta beste batzuk lasaiagoak", dio Txurrukak. 


Urte askoko ibilbidea dute Olabideko abesbatzek, eta arrakasta handiarekin gainera, ia 100 ume dabiltza-eta: "Eskolaz kanpoko ekintza da eta gura duten umeak datoz, horregatik oso gustura hartzen dute parte. Gainera, hara eta hona ibiltzen gara abesten, bidaian, eta horrek ere asko motibatzen ditu umeak". Eta elkartrukeak ere egin izan dituzte beste abesbatza batzuekin Girona eta Bartzelonako ikastetxe batzuetakoekin, esaterako. 10 urte daramatza Estitxu Txurrukak abesbatzako zuzendari lanetan eta oso gustura dabilela onartu digu. 


Ordubete inguruko ekitaldi polita eskaini gura diete bihar gatzagarrei, eta ume, heldu zein nagusien gustukoa izatea da abesbatzako kideen nahia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak