Gaur arratsaldean, ekainak 12, irtengo dira Gatzagatik, norbere automobilean, eta afalordurako izango dira Akitaniako Messanges herrian. Bertan dagoen Le Vieux Port kanpinean pasatuko dituzte egunok, bungalowetan lo eginda.
Familia giroko irteera da eta hain zuzen helburu bakarra horixe dute, gurasoak eta seme-alabak elkarrekin lasai egotea bi egunetan. Hori azaldu digute Gureleko ordezkariek: "Ez dugu inolako planik egin aurrez. Eguraldia lagun izango dugula entzun dugu eta hori aprobetxatuta ur inguruan ibiliko gara, igerilekuan edo hondartzan. Izan ere, ekainaren erdian gaude eta umeak uretarako gogoz daude; hortaz, planik arrakastatsuena, zalantza barik, horixe izango da". Hain zuzen horregatik aukeratu zuten hondartza alboan eta menditik gertu dagoen kanpina Gureleko kideek, paisaiarekin gozatu eta hainbat ekintza egiteko aukera eskaintzen duelako. Ur inguruan edo mendi inguruan, baina atseden hartuta itzultzea gurako lukete gurasoek. Domeka arratsaldean izango da hori.
Udalekuak uztailaren 6tik 17ra
Urtero antolatzen du irteeraren bat edo beste Gurelek. Sarritan ikasturte bukaeran egin dituzte, baina eskiatzera ere joan izan dira negu partean. Azken urteotan egun pasakoak izan dira, eta uztaileko udalekuen barruan ere urtero egin izan dute irteera, gehienetan Araba aldera zaldian ibiltzeko. Oraingoan, baina, aste bukaera pasatzera joatea erabaki dute sasoi baten legez.
Hain zuzen, uztaileko udalekuak gertatzen dabil Gurel azken asteotan. Uztailaren 6tik 17ra bitartean egingo dituzte, hortaz, interesatuek lehenbailehen eman dezatela izena gura dute antolaketa lanak samurtzeko. Begirale lanak egingo dituzten gazteak, aurten, herrikoak izango dira. Bi astetan zer egin zehazten duen egitaraua aurkeztu diete Gureleko zuzendaritza batzordeko kideei eta aurreko urteetan egindakoen antzekoak egingo dituzte: jaialdiak, irteerak, eskulanak, jolasak… 2 urtetik gorakoek eman dezakete izena.