Izendapenaren prozesua dagoeneko hasi dute, eta orain jendaurrean jarri dute alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko.
Arlaban errepidean gora –Dorletako Ama Birjinaren irudi paretik– joanda dagoen lehen baserria da Sanjuanzar. Deba ibaiaren sorrerako arroan dago, Hiruerreketara bidean. XVIII. mendekoa da. Gatzagako Udalak jasotako informazio batzuen arabera, San Juan ebanjelariaren izenean eraikitako baseliza egon zitekeen bertan sasoi baten. Jaurlaritzak jasotako informazioen arabera, ostera, Arabara bidean ostatu izateko eraikia izan zen. Oraindik, gainera, jatorrizko itxura dauka etxeak.
Eraikinarekin batera inguruko lurrak ere sartuko dituzte zerrendan: baserriko fatxada nagusitik 50 metrora eta atzeko partetik 35 metrora dagoen guztia, zirkulu itxurako larraina osatzen duten harlangaitzezko hormatxoak barruan direla. Inguru hori guztiori sartzearen arrazoia da bertako ingurumena eta parajeak babestea. Jaurlaritzak dio katalogatutako ondasuna behar bezala babesteko beharrezkoa dela inguru hura mugatzea. Hala, baserriaren izaera, inguruko lursailak eta sarbidea babestuko dituzte.
Baserriaren ezaugarriak
Hiru isurkiko teilatua duen eraikina da Sanjuanzar, eta familia bakarrekoa. Oinplanoa laukizuzena da: 19,50 metro zabal eta 16 metro sakon. Hego-mendebaleko aldean zati bat du erantsita, eta egurra gordetzeko erabiltzen dute. Harriz egindako hormatxoak ditu baserriak aurreko parteko lursailean, eta zirkulu formako larraina eta ortua mugatzen dituzte hormatxo horiek. Etxearen hormak, ostera, berdinduta daude eta zuriz margotuta.
Hego-ekialdera begira dagoen fatxada da baserriko fatxada nagusia. Beheko solairuan arku bat dauka, hareharriz egindakoa, eta arkuaren alde banatan bi leiho ditu, harlanduz eraikiak. Arkupetik dago antolatuta solairua bi ateren bidez. Ezkerreko atetik ukuilura sartzen da, eta orri zabaleko ate handia da. Eskuinekoa zurezko ate sendoa da, eta etxeko ezkaratzera sartzen da. Ezkaratzetik sukaldera sartzen da, eta eraikinaren hego-ekialdean dago kokatuta hori. Eskailerak ere badaude ezkaratzean eta bertatik lehen solairura –gelak– eta teilatupera igo daiteke –ganbara. Ipar-ekialdeko fatxadan beste sarrera bat dauka etxeak.
Baserriko bizimodua
Ibartzabal ahizpak bizi dira Sanjuanzarren, Marilu eta Pantxi. Adinean aurrera joan arren, oraindik lurra lantzen eta abereak zaintzen jarraitzen dute. Hortaz, sasoi bateko baserritarren bizimodua egiten dute, baserri askotan galdu dena. Behiak eta txahalak dituzte, txerriak, ahuntzak, oiloak eta untxiak ere bai; eta, zelan ez, txakurrak eta katuak. Eta ardiak kendu zituztela ez dira urte asko pasatu. Gainera, ortua dute etxerako barazkiak jasotzeko. Onartzen dute lan handia dela guztiak behar bezala gobernatzea eta ez dutela lehengo sasoirik, baina abererik gabeko baserria oso hotza iruditzen zaie, eta osasunak laguntzen dien bitartean eta ahal duten heinean, behintzat, abereak izaten jarraituko dute.