Korrika batzordeak afaria antolatu du apirilaren 3rako

Mirari Altube Arrese 2009ko mar. 16a, 13:40
Hamar egun eskas geratzen dira Korrika hasteko eta Gatzagan prestatze lanekin dabiltza. Korrika batzordeak orain dela bi aste egin zuen lehen batzarra herritarrekin eta erabaki zuen afaria eginda ospatzea Korrikaren etorrera.

Orain dela bi urte ere halaxe egin zuten; afaldu eta ondoren lekukoaren atzetik joan ziren orduan. Oraingoan, baina, ez dute halakorik egingo, bi egun aurreratzea erabaki dute-eta. Afaria apirilaren 3an izango da, egubakoitza, kultura etxean, eta 16. Korrikaren lekukoa apirilaren 5ean iritsiko da, domeka. Afalordua, gainera, bertsolariek girotuko diete gatzagarrei; Mañukorta bizkaitarra eta Jokin Labaien arrasatearra izango dituzte lagun. Afarira joateko izenemate epea astean bertan zabalduko dute. Labidea dendan hartuko dituzte izenak, eta Korrika batzordeko kideek herritar gehienak animatzea gurako lukete.

Kilometroak salgai

Bestalde, kilometroak erosteko aukera dago AEKri laguntzeko. Interesatuek Korrika batzordeko kideekin egin behar dute berba, eta argibide guztiak jasoko dituzte. Gatzagara azken egunean iritsiko da Korrika, apirilaren 5ean, 07:15 inguruan.  Lau bat kilometro dagozkio herriari, eta, duela lau urte ez bezala, aldapan gora egin beharko dute takarradan herritarrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak