Kenpo erakustaldia egin dute Eskoriatzako ikasleek Gatzagan

Larraitz Zeberio Lekuona 2008ko ira. 6a, 20:31
5 eta 12 urte bitarteko 19 neska-mutikok ordu erdiko saioa egin dute Gatzagako pilotalekuan. Defentsa pertsonaleko ariketak egin dituzte gehienbat.

Eskoriatzako kenpo eskolako 19 ikaslek erakustaldia egin dute zapatu eguerdian Leintz Gatzagako pilotalekuan. Rafa Carriet eta Iker Letonaren gidaritzapean ikasitako teknikak erakutsi ditu 5 eta 12 urte bitarteko neska-mutiko taldeak. Entrenamendu saio modukoa egin dute. Beroketa ariketak egin dituzte lehenengo eta teknika konbinatuak zein defentsa pertsonaleko giltzak ondoren. "Kenpoa borroka arte bat da", adierazi digu Rafa Carriet irakasleak. "Bi hilabete eta erdiko oporren ondotik lau egun besterik ez ditugu izan erakustaldia prestatzeko eta oso pozik nago ikasleek egindako lanarekin".

Askotariko ariketak

19 ikasleak askotariko ariketak egiten ikusi ditugu. Traban ipinitako oztopo bat salto batez gainditzen ikusi ditugu baita defentsa eta borroka teknikak erabiltzen ere. Banaka edo binaka ikasleak fikziozko erasotzaileei zein erasotzaile errealei aurre egiten ikusi ditugu. Arte martzialetan ohikoa den beste ariketa bat egiten ere ikusi ditugu, taulak ostikadaz edo ukabilkadaz apurtzen, hain zuzen ere. Maila ezberdinetako ikasleak ikusi ditugu erakustaldian, hasi berriak zein laster maila handienetara igoko diren gazteak. "Beste gauza askorendako moduan ikaslearen jarrera erabakigarria da kirol honetan ere. Kenpoa praktikatzen hasteko sei urte beharrezkoak direla uste dugu, baina eskolan badugu bost urteko ikasle bat. Anaiarekin etortzen da, ni aspalditik ezagutzen nau eta bere gaitasunen barruan oso ikasle ona da", esan digu Rafa Carrietek. "Lehenengo urteetan umeek euren gorputzaren ezagutza egiten dute horrelako arte martzialen bidez. Oso aberasgarria zaie zentzu horretan". 

Full defense metodoa

Rafa Carrieten esanetan kenpoa etengabeko bilakaera izan duen arte martziala da. Diziplina horren bitartez trebetasun martzialak defentsa pertsonalera egokitzea ekarri du. Eskoriatzako eskolan metodo berria landu dute, full defense metodoa hain zuzen ere. "Entrenamenduetarako egokitu dugun metodoa da", azaldu du Carrietek. "Edozein adin, sexu edo gaitasun fisikoko pertsonari egokitu daitekeen metodoa da. Bere helburu bakarra defentsa pertsonala da".
Carrietek kenpoaren onurak nabarmendu ditu Gatzagako erakustaldiaren ostean. "Hamabi urte baino gutxiagoko ikasleekin ariketa arinak egiten ditugu. Zer nolako mugimenduak egin behar dituzte, defentsarako lehen teknikak eta oinarrizko erremintak ematen dizkiegu. Hori da Gatzagan erakutsi duguna". Gainerako ikasleek eguenean hasiko dute ikasturtea Eskoriatzako Kenpo Eskolan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak