Jendea gustura San Milixan egunean

San Milixan eguna ospatu zuten atzo, azaroak 11, gatzagarrek. Artisauak izan ziren protagonista goiz guztian, eta gatz museoan ere egon zen zer ikusi, zer dastatu eta zer egin.

Goizeko hotza laster goxatu zuen eguzkiak eta inoiz baino giro beroagoa zegoen Gatzagako pilotaleku eta plaza inguruan, atzo goizean. 14 postu jarri zituzten artisauek: bitxiak, otarrak, pilotak, euskal zeramikazko ontziak, egurrezko jostailuak eta beste asko. Eta Vianatik etorritako artisauak soka egiten jardun zuten, plazan. Umeek, ostera, zeramika tailerra izan zuten buztinarekin ontziak egiteko, eta gustura ibili ziren Arabatik etorritako Carmenekin katiluak egiten. Hondarribiko Menina tailerreko artisauen txotxongilo erakusketak ere jendetxoa ekarri zuen Garro jauregira, eta buruhandi, panpin, zein txotxongilo benetan dotoreak ikusi zituzten.


Gatzagar gehienak lanpetuta zebiltzan, batzuk –emakumeak– taloak egin eta banatzen; beste batzuk, zirkulazioa bideratzen, eta gatz museoan laguntzen ere bai. Udalaren asmoa zen autoen aparkalekua Gatzagainen jartzea, baina joan-etorriak egin behar zituen autobusa berandu iritsi zen, eta auto batzuk Dorleta santutegira bidean aparkatu zuten. Jende dezente hurreratu zen inguruko herrietatik, batez ere Eskoriatza eta Aretxabaletatik, eta guztiak gustura, topatu zutenarekin.

Gatz museoa

Gatz museoan ere bazegoen zer ikusi; sasoi baten gatza zela ekoizten zuten herrian erakusten ibili zen Aitziber Gorosabel museoko arduraduna. Prozesu guztia ondo ezagutzeko sua egin zuten dorlan. Gatzarekin egindako bonboiak eskaini zizkieten bisitariei, eta umeek gatzarekin egindako plastilina erabili zuten iruditxoak egiteko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.