Eskoriatzako auzo batzuetan eta Gatzagan bertan telebista seinalea hobeto hartzeko asmoarekin, 19 metro dituen antena jarri zuten urtarril erdian Artabila baserritik gora. Bada, Zarimutz, Mazmela eta Marin auzoetan probak egiten ibili dira oraintsu seinalea ondo jasotzen duten jakiteko, eta, antza denez, auzotar guztiak ez daude gustura. Izan ere, antena ikusten ez duten baserrietan lehengo antzera daude, telebista ondo ikusi ezinik.
Mendi ostean antena
Gatzagan oraindik ez dute probarik egin, Eskoriatzakoak bukatu zain daudelako. Hala ere, hainbat baserritako bizilagunak beldur dira: antena mendi ostean gordeta geratuz gero seinalea ez ote zaien ondo iritsiko. Hain zuzen, horrexegatik ez dute jasotzen Aretxabaletako Muru mendian dagoen antenaren seinalerik Olaun aldekoek eta Dorleta partean bizi direnek. Horregatik, antenaren kokalekua beste bat izatea gura zuten gatzagarrek, baina ez zen posible izan.
Kontuak kontu, proben zain daude, eta Eskoriatzako alkate Juan Karlos Bengoak esan zien jartzerakoan aldaketak egin ahal izango direla, arazorik egonez gero.