Irailaren 5etik 8ra ospatuko dituzte Andramaixa jaiak

Mirari Altube Arrese 2008ko uzt. 24a, 13:17
Jai batzordea osatu du Kultura sailak hainbat herritarrekin batera, eta irailaren 5etik 8ra ospatuko dituzten Andramaixa jaietako egitaraua gertu daukate.

Berrikuntza handirik ez dago, baina herritar guztien gustuko jaiak gertatzen saiatu direla esan digu Ainara Zubillaga zinegotziak. Rock kontzertua, gaztelu puzgarriak, zezentxoak, meza nagusia, mendi bizikleta zeharkaldia, pilota partiduak eta herri afaria izango dira beste ekitaldi batzuen artean. Eta urteetako tradizioari jarraituta otxandiarrei ongietorria egingo diete irailaren 8an, Dorletako Amaren egunean. Ohiko ekitaldien barruan, ostera, berrikuntza batzuk izango dira: herri kirolen erakustaldia irailaren 5ean, gaztelu puzgarriekin batera quads txikiak ekarriko dituzte gaztetxoak ibil daitezen, eta irailaren 6ko herri afaria girotzeko Tapia eta Leturia trikitilariak etorriko dira. Pilota partiduei dagokionean, lehenengo herriko pilotari gazteen txanda izango da aurten, eta ondoren profesionalena.

Txosnan egoteko inor ez

San Migel plazan jartzen duten txosnan lan egiteko deialdia egin zuen Udalak ekainean. Baina inork ez du interesik azaldu. Azken urteotan jarri ohi dute txosna, baina aurten ez dakite zer egingo duten: "Badakit lan egiteko jendea gertu egongo dela, baina antolaketa lanetan ez dute parte hartu gura. Txosnak girotu egiten du plaza eta pena litzateke ez egotea", azaldu digu Zubillagak. Iaz herriko gazteek antolatu zuten, eta irabazitako dirua aurtengo jaiak hobetzeko izan da. Hala, irailaren 5ean, egingo duten rock kontzerturako talde gehiago ekarri dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak