Hiru proiektu nagusi aurkeztea onartu zuen udalbatzak azken osoko bilkuran: autobidearen lanen ondorioz lehortutako iturburuak ekarritako ur gabeziari aurre egiteko proiektua; herriko pilotalekua ixtea; eta baserrietara doazen bideen sarrerak hobetzea.
Ez dira urtebetean aurrera egingo duten proiektuak, Eusebio Villar alkateak adierazi digunez: "Lau urtera begira zein asmo ditugun aurkeztu diegu". Landa Garapenerako Elkartearekin ez ezik, Foru Aldundiarekin ere berba egin gura dute proiektu batzuetan lagun diezaieten, iturburuarenean, esaterako. Izan ere, Udala oso kezkatuta dago Maroto basoko iturburuak ez duelako nahikoa ur ematen eta konponbideak diru asko eskatzen duelako.