Helduen eta gazteen pilota partiduak aste bukaeran

Mirari Altube Arrese 2009ko urt. 30a, 13:35
Pilota festa izango da aste bukaeran Gatzagako pilotalekuan. Batetik, helduak izango dira partiduak jokatzen bihar, hilak 31, eta bestetik, gaztetxoak etorriko dira domeka goizean. Bi ekitaldiak Mauri Zubillaga Arrasateko pilota elkarteko entrenatzaileak antolatu ditu.

Orain dela aste batzuk Arrasaten hasi zuten federatu ohien arteko pilota txapelketako partiduak jokatuko dituzte bihar, hilak 31. Bederatzi partidu izango dira: sei goizean, 09:30 inguruan hasita, eta gainerako hirurakarratsaldean, 16:15ean. Mutikotan Mauri Zubillaga pilota entrenatzailearekin jardun zutenak dira txapelketa jokatzen dabiltzan federatu ohiak; 18 bikote guztira. "59 eta 22 urte arteko pilotari ohiak gabiltza norgehiagokan. Aspaldian nituen antolatzeko eskean, eta hasi, hasi dugu txapelketa", jakinarazi digu Zubillagak. Hain zuzen Zubillagak berak ere jokatuko du bihar, lagun bat ordezkatu behar duelako.

Gaztetxoak, domekan

Domekan, ostera, gaztetxoen txanda izango da. Arrasateko mutikoek Tolosako Alkiza elkarteko bikoteen aurka jardungo dute norgehiagokan, 11:00etan hasita. Hiru partidu jokatuko dituzte: benjamin mailan, Llodio eta Murua izango dira tolosarren aurka jardungo dutenak; kimuetan, Egia eta Garate bikotea eta infantiletan, Etxezarreta I.a eta Moron I.a.

Gatzagarekin zorretan

Mauri Zubillaga entrenatzaileak beti du gogoan Gatzaga, eta sarri ekartzen ditu partiduak pilotalekura: "Aita gatzagarra nuen eta 17 urtean bizi izan nintzen bertan. Pilotarako zaletasuna hementxe sortu zitzaidan, herriko pilotalekuan pasatako orduengatik. Horregatik zorretan sentitzen naiz, eta beti saiatuko naiz Gatzagaren alde lan egiten". Aurrerantzean ere ekarriko dituela pilota partiduak herrira iragarri du. "Herria girotu egiten dute partiduok, bai jendea etortzen delako kanpotik, bai bertakoendako zerikusia egoten delako. Eta hori pozgarria dela herri txiki batendako uste dut", dio.
Hala, bihar, zapatua Arrasateko neska-mutikoak etorriko dira gurasoen arteko partiduak ikusi eta norgehiagokarekin gozatzera. "Bazkariren bat egiteko ere animatu zen baten bat, baina ni ez naiz horretan sartuko bestela ere nahiko lan dut eta", dio.  Domekan, ostera, Tolosako gurasoak izango dira mutikoei lagun eginaz Gatzaga ezagutzera hurbilduko direnak.


Oso gustura sentitzen dela Gatzagan aitortu digu Zubillagak: "Bertako giroa gustuko dut eta lagun zaharrekin elkartzeak poz handia ematen dit". Horregatik otsailaren 28an ere Gatzagan izango dira federatu ohiak partiduak jokatzen: "Inauteri ostea da eta ikusi egin behar zelan dauden pilotariak", iragarri du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak