Hamabi bazkide ditu Gatzagako Abeltzainen Elkarteak

Orain urtebete sortu zuten Gatzagako Abeltzainen Elkartea. Osatuta daukate elkartea baina estatutuetako puntu batzuk egokitu egin behar dituztela jakinarazi diete Jaurlaritzako arduradunek eta horretan dabiltza. Bien bitartean lanean dihardute.

Hamabi bazkide ditu elkarteak eta orain arte Jesus Beitia izan da presidentea. Honek, baina, dagoeneko ez du abererik eta presidente berria aukeratuko dute hurrengo batzarrean. Urtean 20 euroko kuota ordaintzen dute eta elkartean kide berriak sartzeko bazkideen oniritzia behar da. Gero eta baserri gutxiagotan dituzte abereak Gatzagan, baina basoan dabilen kopurua ez da aldatu azken urtean.

Sasiak kentzeko makina

Elkartea sortuta indar handiagoa izango zutela pentsatu zuten abeltzainek bai dirulaguntzak eskatzerakoan, bai erabakiak hartzerakoan. Hala, sasiak garbitzeko makina erosteko dirulaguntza eskatu dute aurten Mendi Nekazaritzan baina dirurik ez dutela jakinarazi diete: "Aldundiak garbitzen ditu mendiak baina ez urtero, eta geuk garbituz gero urtean pare bat aldiz askoz hobeto egongo lirateke", azaldu du Asier Elkorobarrutia zinegotzi eta elkarteko kideak.


Aldundiaren kexarik ez du elkarteak; izan ere, oraintsu Pagoederreko itxitura berritu die eta ura bideratzeko asmotan dabil Lapikozuluetako iturburua lehortutakoan ur barik geratutako lekuetan: "Abere gutxi dago Gatzagan eta Aldundiak nahikoa egiten du. Elkartea ere lanean dabilela erakutsi gura diogu orain", dio Elkorobarrutiak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.