Udalerri txikiak –1.000 biztanletik beherakoak– suspertzeko Aldundiak abian jarritako Landagipuzkoa32 egitasmora egin du dirulaguntza eskaera. Aldundiak ezarri zuen bi eratako proiektuak aurrera eroateko izango zela laguntza hori: urak bideratzeko eta bideak konpontzeko. Azken horretarako egin du eskaera Udalak.
Proiektuak Aldundiak eginda
Urriaren 28an egindako osoko bilkuran erabaki zuen udalbatzak hainbat baserritarako sarrerak egokitzea. "Guk askoz gehiago egokitu eta konpondu gurako genituzke, baina dirulaguntzaren oinarriek ez digute uzten", adierazi zuen Eusebio Villar alkateak. Horregatik Artabilla baserrirako sarrera ez dute konponduko dirutza handia delako. Hona egokitzeko eskatu duten baserrien sarrerak: Arrate, Asteisoro, Olaun Goikoa eta Gatzagain ingurua. Konponketa horien proiektuak Aldundiak dauzka eginda, eta orain onartu zain geratu dira. Gatzagainen kasuan, mendiari zatitxo bat kendu gura diote ikuspen hobea egon dadin.
Konponketen gastuaren %80 arte hartuko du beregain Aldundiak baina kopuruak ezingo du 150.000 euro baino gehiago izan. Gainerakoa Udalak jarriko du.
Goierri auzoa geroko
Alkateak adierazi zuen Goierri auzora dagoen bide sarrera ez konpontzea erabaki dutela, gero bidegorriaren proiektua datorrelako, eta ez dakitelako zelan geratuko den inguru hori. Bestalde, Gatzagainen ganaduarendako parrilla jartzeko asmoa zuen Aldundiak, baina alkateak aipatu zuen ez daukala inolako zentzurik orain jartzeak: "Arlaban gaineko plana egiten gabiltza, eta laster etorriko da. Hortaz, orain jarri, gero behar bada kendu behar izateko..."
Gaztainuzketarako ura
Udalaren beste arduretako bat Gaztainuzketako mendi etxeek duten ur arazoa da. Horren gainean jardun dute azken hilabetean Rafa Uribarren Landa Ingurunearen Garapenerako diputatuarekin, baina adierazi die Landagipuzkoa32 egitasmoko dirulaguntzak ura baserrietara eroateko direla. Udalak gura du Landa Garapenak banatzen dituen dirulaguntzen artean sartzea Gaztainuzketakoa, baina oraindik ez dute baiezkorik jaso. Autobideko lanek lehortu zuten Gaztainuzketari ura ematen zion Lapikozuluetako iturburua eta geroztik ez dute nahikoa emari. Arazoa konpontzeko dirutza handiko lanak egin behar dituzte –600.000 euro inguru–, eta Gatzagako Udala ez da gai horri aurre egiteko.