Hainbat baserritara doazen bideen sarrerak zabaldu gura ditu Udalak

Mirari Altube Arrese 2008ko eka. 20a, 12:08
Gatzagako Udalaren lehentasunen artean dago baserrietara doazen bideak zabaltzea, batez ere bide horien sarrerak.

Dominaga baserrira doan bidea da hain zuzen, konponduta dagoen bakarra. Aldundiak egin zituen lanok iazko azaroan, eta Udala oso pozik dago: "Oso ondo utzi digute bai sarrera, bai bidea, eta orain, noiz inauguratuko zain gaude", dio alkateak.

Baina Eusebio Villar alkatearen ustetan baserrietara doazen bideen sarrera askok zabaltzeko premia dute eta beste batzuek konpontzeko. Arlabango errepidetik dauka sarrera Olaun Goikoa baserrira doan bideak, eta apur bat zabaltzea komeni zaiola argitu digu. Bestalde, Etxebarri baserrira doan bidea konpondu berri dago, eta beste bi baserrietara joaten da bertatik. Gasteizera bidean herria pasatu eta segituan dauka sarrera, bihurgune baten ostean, baina oso sarrera txarra da: "Gatzagatik gora doazen automobilek ezin dute zuzenean sartu, ur-biltegi pareko zelaira joan beharra daukate buelta eman eta sartu ahal izateko", azaldu digu alkateak. Eta horrik konponbidea eman gura diote.

Beste sarrera batzuetan, ostera, automobilek behea jotzen dute, eta horiek ere konpondu gura ditu Udalak.

Gatzagaingo sarrera

Baserrietara doazen bideetan ez ezik, Gatzagainen ere badaukate arazoa. Mendiko ibilgailu asko ibiltzen direla orain esan du alkateak: "Eta horiek bideak harrotzen dituzte". Gero euria egiten duenean izugarrizko lokatza sortzen da, eta ez dago pasatzeko modurik. Bestalde, Villarrek uste du Gatzagainerako sarrera ez dagoela batere ondo: "Gure asmoa da alde batetik sarrera jartzea –irtetea debekatu– eta bestetik irteera jartzea –sartzea debekatu–. Gainera, beste bide batzuk zabaltzerakoan hori ere zabaldu gurako genuke. Orain ez dago ikuspen onik, eta automobilak abiada handian pasatzen direnez bertatik oso arriskutsua da errepidera irtetea".

Bidea Arlabandik Dorletara

Gainera, Udalak beste bide bat egin gurako luke agintaldi honetan: Arlabango errepidea eta Dorletako Amaren santutegia lotzeko bidea. Alkateak ez dauka argi zelakoa izan beharko litzatekeen –mendi bidea, porlanarekin eginda…–, baina bai egin gura duela. Eta proiektu horri nork helduko zain dago, batez ere diruz lagunduko duen norbaiten zain.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak