Antzuola, Elgeta eta Gatzaga herriek osatutako Bideberri mankomunitateak aspaldi azaldu zuen gida egiteko asmoa, eta dagoeneko esku artean daukate herritarrek. Gidaren helburua da Udaleko Gizarte Zerbitzuak eskaintzen dituen zerbitzu guztien berri izatea herritarrek, horregatik bereziki baserrietara ailegatzea gura dute Gizarte laguntzaileek. Hona jaso dituzten hainbat gai: adinekoek eta gazteek dituzten laguntzak; familiei eskainitakoak; dirulaguntzen zenbatekoak eta zelan bideratu; drogomenpekotasunaren gaineko argibideak; etorkinak integratzeko bideak; eta eskean datozenendako laguntzak.
Mendekotasun legea
Azken hilabeteotan hainbat aldaketa izan dituen mendekotasun legearen gaineko argibideak eta xehetasunak ere jaso dituzte egindako gidan. Lege horri dagokionean jakinarazi Udalaren ardurapean daudela autonomoak, hau da, norberaren kasa moldatzen direnak, eta Aldundiarenean gainerakoak. Bestalde, eguneko zentrora joan behar duten gatzagarrak Eskoriatzara bideratzen dituzte. Etxerik etxeko zerbitzua GSR enpresak ematen du Gatzagan urriaz geroztik.
Gizarte laguntzen gaineko argibide gehiago gura izanez gero edo eskaeraren bat egin Ainara Gabilondo gizarte laguntzailea martitzen goizetan egoten da udaletxean. Hitzordua aurrez egitea komeni da udaletxera deituta.