Gesaltza Añanan egindako gatz azokan izan dira herriko ordezkariak

Mirari Altube Arrese 2007ko uzt. 13a, 14:12
Gatzaren azoka egin zuten Gesaltza Añana herrian (Araba) hilaren 7 eta 8an. Leintz Gatzagako ordezkariak izan ziren, eta herriko produktuak eta gatz museoaren gaineko argibideak eroan zituzten.

Urtero antolatu ohi dute Gatzaren azoka Gesaltza Añanan, eta aurten hiru gatzagen ordezkariak izan dira: herrikoak bertakoak, Guadalajaratik etorritakoak eta Leintz Gatzagakoak. Aitziber Gorosabel museoko arduraduna izan zen hain zuzen.


Zapatuan, Gesaltza Añanako gatzaren haranean sartzeko aukera egon zen jai giroa nagusi zela. "Eta gauean suarekin, argiarekin eta soinuarekin egindako ikuskizun bikaina eskaini ziguten, herrikoek egiten duten antzezpena da", azaldu digu Gorosabelek. Domekan, ostera, artisauen eta gatzaren azoka egin zuten. "Herritik eroandako produktuekin eta informazioarekin postua jarri genuen guk: gatzarekin egindako opiltxoak, erregaliz gazia, ogia eta Jakionen produktuak eskaini genituen, eta erregalizak arrakasta handia izan zuen", dio Gorosabelek. Gatz museoaren maketa eroan zuten gainera, gatza zela ateratzen duten erakusteko: "Eta interes handia azaldu zuten gure gatz museoarengan, argibide orri asko banatu genituen, behintzat".

Hala, helburu bikoitza lortu zuten herriko ordezkariek gatzaren gainean egindako azokan: Leintz Gatzagaren eta bertako museoaren berri ematea eta gatzagak dituzten herrien artean harremanak estutzea. Horregatik oso pozik itzuli ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak