Gaur egin dute Gatzagan Soran etxearen inaugurazioa

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko ira. 11a, 17:16
Orain dela bi urte hasi ziren Gaztainuzketa mendi etxeak dituzten Loren eta Montse eraberritze lanekin. Etxearen egoera txarra ikusita goitik behera eraberritu behar izan dute. Gaur, inaugurazio ekitaldian, pozik azaldu dira Soran etxeko jabe berriak.

Eguerdiko 12etarako Soran etxearen aurrealdean bildu da jendea. Han zeuden, Loren eta Montse etxeko jabeez gain, Gatzagako alkate Eusebio Villar, Martin fraidea eta Eusko Jaurlaritzako arrantza eta nekazaritza saileko Juan Carlos Zuloaga. Fraidearen bedeinkapenaren ostean, bi dantzarik ohorezko aurreskua egin dute eta zinta moztu du Montsek. Modu horretan inauguratuta geratu da Soran etxea.

Udalak saldu zuen

Orain dela bi urte saldu zuen Udalak Santiago kaleko Soran jauregia. Benetan egoera eskasean zegoen XVI. mendeko jauregia. Hori horrela, eraberritzeko proiektua egin zuen Udalak, eta dirutza handia zela ikusita lehiaketara ateratzea erabaki zuen. 73.000 eurotan jarri zuten gutxiengo prezioa eta eskaera bakarra jaso zuten Udalean, hain zuzen, Montse eta Lorenena. Lehenengo lana etxea goitik behera berritzea izango zela gogoratu du Lorenek.

Bergarako Goitu enpresa arduratu da lanekin. Arduradunek azaldu dute etxe guztia eraitsi behar izan dutela berriro ere guztia bere lekuan jartzeko. Gainera, etxearen oinarrian 19 metrotako zutabeak sartu behar izan dituzte. Etxearen pieza ia guztiak lehengoak dira; izan ere, egurra egoera onean zegoela esan dute Goitukoek.

Hamar logela

Soran etxeak 60 lagunentzat jangela dauka eta 10 logela. Logela guztiek bainua, telefonoa, WIFI sarea, telebista, musika eta segurtasun kaxa dute. Gainera, tabernan gosariak, kazuelatxoak, pintxoak eta eguneko platerak eskainiko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak